Saharaz Blai ikus-entzunezko bigarren edizioa zabalik

‘Laatash’, lehenengo edizioko taldeak kanpamentu sahararretan grabatutako dokumentala, datorren abenduaren 14an Gasteizko Cortada jaialdian ikusgai egongo da

Gasteizen, 2018ko azaroaren 3an. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ‘Saharaz Blai’ lehiaketaren bigarren edizioa aurkezten du. Euskal Herriko eta errefuxiatu sahararren kanpamentuetako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ikus-entzunezko lehiaketa da.

Lehiaketaren helburua parte hartuko duten gazteek uraren sarbiderako giza eskubidearen inguruan hausnartzea da, gehienez, bi minutu eta erdiko bideotan.

Proposamenak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 31n amaituko da eta bideoek 150 segundoen iraupen totala ezin izango dute gainditu. Web-orri honetan lehiaketaren oinarriak, izena emateko fitxak eta osagarrizko informazioa aurkituko dira: www.saharazblai.org.

SEADen Lagunen Elkartea, EFA Abidin Kaid Saleh zinema eskola, FiSahara festibala eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko kideez osatutako epaimahaiak lan hobeen aurretiko hautaketa egingo du. Ondoren, lan horien bozketa herritarrei irekiko da lehiaketaren web-orriaren bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioa duena.

Guztira lau sari banatuko dira, bi Euskal Herriko parte-hartzaileentzat eta beste biak kanpamentuetako partaideentzat. Saridunak elkarrekin eta zuzendaritza profesionalpean EFA Abidin Kaid Saleh zinema eskolan astebete jardungo dira lanean.

‘Laatash’ Cortadan

Lan honen emaitzak ‘Laatash’ dokumental laburraren urratsak jarraituko ditu. Elena Molina dokumentalistak zuzendutako lana izan zen ‘Laatash’ eta taldea iazko Saharaz Blai lehiaketako irabazleek (Dani Bengoechea eta Oihane Alonsok) eta EFA Abidin Kaid Saleh eskolako ikasleek osatu zuten.

Datorren abenduaren 14an, ‘Laatash’ Gasteizko Cortada jaialdiko Hemengoak sailean proiektatuko da. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ekoiztutako filma, emakume sahararren kanpamentuetako uraren kudeaketa lana dokumentatzen duena, lehenengo aldiz proiektatuko da hirian. Informazio gehiagorako:   www.laatash.com